Zutaz ari naizenean nitaz ari naiz
Mundu mailako gerra intimo eta latz batean beste behin zeure buruari biziraun diozunez, behingoz erabaki duzu zauden lekuan geratzea, zure ametsen eraiste neurtuari ekitea, zuk horrenbeste denboran eta horrenbesteko afanez gordeak, ez duela zuk uste adina balio onartzea.
Ze zu beti bizi izan zara behin-behineko egoera baten aukerakoa, zirudien etengabeko noraezean ez zenuela nahi honaino iritsi, baino beste inora ere ez, zalantzarekin, etengabeko pertsekuzio bat zen.
Ihes egiten diozun eta jarraitzen duzun horren artean zabiltza itzal arrotz baten jabe.
Ez zara besteek uste dutena, agian zeuk uste duzuna ere ez, oraindik ez hura bihurtu zen denborarekin, honezkero ez, zeure aukeren gainetik amestu behar izan zenuen, irteera zen zulo hartatik aterako bazinen.
Horregatik erabaki dut nire amets denak eraistea
Hobe duzu momentu batez ni bakarrik uztea, zure begiei begiekin eutsi eta elkarri amore ematea
elkarren ondoan, ilargiak buelta bat ematen digun bitartean, goiz gorri eta eder batean neure barrutik salto egin eta neure buruaz beste... bat egitea.
Comentarios
Publicar un comentario